Kolorekultura interpretatzea ere bada. Eta horretarako sormena ezinbestekoa da. Musikaz eta dantzaz haratago, proiektu honek bideratzen duen berdintasunaren aldeko aldarria pinturaren bidez ere azaldu nahi izan dugu hasiera-hasieratik.
Bi koadro edo erretratu eginez, kolore eta forma anitzak konbinatuz, indarkeria sexistaren harreman faseak irudikatu ditu Jokin Telleria margolari beasaindarrak. Atal honetan, berarekin egindako lanketa eta sortze-prozesua nolakoa izan den ikusi ahal izango duzue.
Koadroen sorkuntza eta ezaugarriak
Kolorekultura proiektu gisa diseinatzen hasi ginenean, garbi ikusi genuen modu bisual edo artistiko batean (koadro edo erretratuen bidez) islatuta gelditu behar zela. Horretarako, Jokin Telleria margolari beasaindarrarekin jarri ginen harremanetan.
Ikastolara gonbidatu genuen, eta oso solasaldi atsegina izan genuen berarekin. Bere lanbideari eta margoei buruz hitz egin zigun, eta beragandik pinturari buruz ikasteko aprobetxatu genuen.
Horrekin lotuta, gure proiektua zertan oinarritzen zen azaldu genion, eta esan genion genero-indarkeria irudikatzen duen harreman-faseak modu artistikoan irudikatu nahi genituela.
Jokin hasieratik azaldu zen guri laguntzeko prest. Gure ideiak botatzearekin batera, berak ere bere proposamenak egin zizkigun. Eta horrela, guztion artean adostuta, erabaki genuen Jokinek bi koadro egitea egokiena izango zela, non hauetan harreman-erlazio bateko faseak adieraziak izango ziren genero-indarkeria islatuz.
Horixe izan zen artelanak egiteko oinarri nagusia; eta oinarri horiek izan dira hain zuzen, gerora gainontzeko sortzaileek jarraitu dituzten oinarriak (Oihanek dantza-koreografia sortzeko, Aitorrek musika konposatzeko eta Garbiñek argazkiak ateratzeko).
Horrela bada, oinarrioi jarraituz, gainerako diziplina-arloak landu ditugun bitartean, Jokin pixkanaka koadroak sortzen eta egituratzen joan da. Koadro bakoitzaren azalpenak eta xehetasunak honako bideo honetan ikus ditzakezue
Lehen koadroari dagokionez, gure proiektuaren esentzia adierazten duten hainbat ezaugarri bildu ditu Jokinek:
Alde batetik, koloreen kontrasteak nabarmendu daitezke:
- Kolore argi eta bizien bidez, harreman edo erlazio baten fase onak edo positiboak adierazi nahi izan dira, itxaropen momentuak edo une gozoak, alegia.
- Kolore ilunak erabilita, aldiz, erlazioak bide okerretik joan daitezkeela ere adierazi nahi izan da: indarkeria, beldurra, iluntasuna, momentu txar/desatseginak… azalduz.
Zehazki esateko, hiru kolore-mota nagusiren konbinazioa ikus genezake koadroan; hala nola txuriarena, beltzarena eta sentimendu alaiak azaltzeko baliagarriak diren kolore neutroenak. Horrela, fase edo atal bakoitza bisualki adierazten da.
Azpimarratzekoa da koloreen aniztasun horren barnean kolore moreak daukan presentzia, berdintasunaren aldeko aldarria eginez. Izan ere, errespetuan oinarritzen den elkarbizitza islatu nahi bada, Jokinek garbi adierazi du kolore horrek bere presentzia izan behar duela.
Baina ikus daitekeen bezala, koloreez haratago, Jokinek sinbolo eta metafora ezberdinak ere erabili ditu modu bisualean berdintasunaren aldeko aldarria egiteko. Esate baterako:
- Barra kodearen metafora emakumeak harreman fase toxikoetan kontrolatuak egoten direla adierazteko
- Askatasuna adierazteko, bizitza adierazten duten mugimenduak koloretako zapien bidez islatzen dira.
- Izakien arteko batasuna, baina horrek giza-taldeen artean suposatzen duen kontrola ere zapi txurien baitako argi-itzalen efektuekin adierazten da (gehienbat “kontrolaren” metafora gizonezkoekin erlazionatuz).
Zentzu horretan, Jokinek bi koadro hauen bidez, emakumeek aske izateko egin behar duten borroka adierazi eta islatu du.
Bi koadro egin izana ere ez da kasualitatea, izan ere, emakumeen indarkeria islatzen duen borroka hori hainbat motatakoa izan daitekeelako. Eta aipatutako elementu ezberdinak elkarlotuta joan ohi dira fase zein une ezberdinetan. Hala ere, ikus daitekeen bezala, bi koadroak elkarlotuta jarriz gero, prozesuaren emaitza guztia bere osotasunean adierazita gelditzen da.
Pintura hauen bidez garbi irudikatzen da fase edo atal bakoitzak zer esan nahi duen. Indarkeria sexista islatzen duten harremanen faseak modu askotakoak dira, eta borroka horri aurre egiteko emakumeek bizitzaren eta askatasunaren alde borrokatzen dute.
Laburbilduz, Jokinen kuadroek errealitate iluna adierazten dute, baina aldi berean borroka hori islatuz, berdintasunaren alde, argitasunerako edo itxaropenerako bidea erakutsiz.
Koadro hauek osorik Jokin Telleriak egin ditu, baina uneoro gurekin zuzeneko harremana izan du ideiak elkarbanatzeko eta adosteko. Beste sortzaileekin ere elkarlana egon da gainontzeko diziplinen lanketak egiterako garaian ere (Oihane Vicenterekin dantza-koreografia sortzeko eta Aitor Furundarenarekin melodia egiteko).Horrela bada, proiektu osoaren garapena sortzaile guztien elkarlana izan da.
Gure iritziz, proiektuaren oinarri eta ardatz nagusiak izan diren koadro hauei esker, Kolorekulturak sinbolizatzen dituen aniztasuna, askatasuna eta berdintasunaren aldeko borrokaren aldarria zuzenean azaldu dira.
Horrela bada, hauxe izan da Jokinek egindako lanaren emaitza: ederrak, indartsuak eta anitzak diren bi koadro, Kolorekulturaren oinarri bisual nagusi bihurtutakoak.