KOLOREKULTURA

Andramendi Ikastola DBH2

Koloreen sinbologiarekin jolastuz, dantza koreografia baten bidez, sentsibilizazioa eta elkarkidetza adierazi nahi dira indarkeria oro jasaten duten emakumeen egoeraren aurrean.

Kolorea bizitza da; poztasuna. Eta bizitzak kolorea galtzen duenean, zulo batean sartuak gaudela esan nahi du.

Urteen poderioz, mendeetan barrena, koloreen jokoak eragin kultural handia izan du. Eta gizarteak etengabe borrokan jarraitu beharra izan du tamalez, koloreak gailendu daitezen.

Borroka hori mugimenduan oinarritzen da, koloreak ez baitaude geldirik. Mugimenduak garapena adierazten du, eta koloreak gailendu daitezen, mugimendua aurrera eraman behar da.

Izan ere, indarkeria jasaten duten emakumeek mugitu beharra dute bizitzeko; dantzatu beharra dute nahi dutena adierazi eta beraien helburuak lortzeko. Koloreztatu beharra dute iluntasuna adierazten duten zulotik ateratzeko… 

Dantzak, musikak, mugimenduak… osatzen duelako kultura. Aniztasunean oinarritzen den kultura. Koloreetan oinarritzen den kultura.

Eta horixe da Kolorekultura. Gizartea eta hezkuntza bere baitan hartzen dituen proiektua da, biziraupena, elkarbizitza eta errespetua kolore guztien bidez islatzen duena.

Andramendi Beasaingo Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek, komunikatzeko adierazpen bide ezberdinez baliatzen ikasi dute koloreak mugitzeko, gizartea sentsibilizatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurka elkarkidetza adierazteko.

Hementxe duzue ikasitakoaren emaitza. Ongi etorri!

ARTERIA PROIEKTUA: KOLOREKULTURA

Nortzuk gara?

Andramendi Beasaingo Ikastolako DBH2. mailako ikasle taldea gara.

2020-2021. ikasturtean ARTERIA bilatzailearen erabilera sustatzeko dirulaguntzaren atalean sarituak izan gara. Webgune honetan, garatu dugun Kolorekultura proiektua azaldu eta erakutsiko dizuegu.

Zer da ARTERIA proiektua?

  • Sortzaileen, erakundeen eta herri eragileen bilgunea da
  • Artea sozializatzeko plataforma da.
  • Sorgunea da.

ARTERIA proiektuak Goierriko eskualdeko sortzaileak bildu eta balorean jartzeko espazio bat sortu nahi du. Sortzaileak, hauen ingurunea eta gizartearen artean harremanak/ loturak saretzea bilatzen du.

ARTERIA lokailu izango da sortzaileentzat: bertan elkar ezagutuko dira. Elkarrekin egingo dute gogoeta, eta bakoitzaren lanaren eta sormen prozesuen inguruko ezagutzak partekatuko dituzte.

Aurkikuntza lekua izango da herritarrarentzat: bertan sortzailearekin egingo dute topo, bere lanekin, bere ezagutzekin, bere prozesuekin, bere desioekin, bere ametsekin, bere beldurrekin…

Kutsatze leku bat da, bertan artea eta sormenarekiko maitasunaz eta grinaz kutsatuko gara.

Herri
+
sortzaile
+
Eragile
+
herritar