
Dantza koreografia izan da Kolorekulturako ardatz nagusia, baina koreografia hori ez dugu bakarrik sortu. Alor honetan, ezinbestekoa izan da Oihane Vicente dantzariak (Zumarraga, 1988) eskaini digun laguntza guztia. Izan ere, bera gabe ez baitzen posible izango koreografia hau sortzea.
Oihanerekin ikasi duguna
Oihanerekin zuzeneko tratua izan dugu hasiera hasieratik. Lehen aldiz berarekin egon ginen bilera haietan, elkar ezagutzeaz gain, dantzaren inguruan hitz egin eta lehen ideiak bildu genituen. Oso garbi gelditu zitzaigun dantzaren bidez, genero indarkeriaren aurkako eta berdintasunean oinarritzen den elkarbizitzaren aldeko mezua dantzaren bidez islatu nahi genuela, Jokin Telleriaren artelanetan ezarritako oinarriei jarraituz.
Saioek aurrera egin ahala, hainbat joko eta dinamika dibertigarri egin genituen berarekin, gutako bakoitzaren gorputz espresio eta mugimenduak lantzeko. Berak egindako lanketari esker, dantzaren bidez komunikatzen irakatsi digu.
Bera izan da dantza koreografiaren gidaria, baina guri ere aukera eman digu uneoro gure iritzi eta proposamenak egiteko. Eta horri esker, gelako kide guztiok dantzaren inguruan erabat integratuta eta eroso sentitu gara.
Oihane beti oso jatorra eta ulerkorra izan da gurekin, eta oso aholku onak eman dizkigu: gure gorputzarekin sentitzen duguna adierazteaz gain, egiten dugun horretan sinesteko esan izan digu. Bestalde, dantza modu abstraktu batean egiteko ere aholkatu digu, hitzekin adierazi gabe jendeak mezua zuzenean ulertu dezan. Bere izateko eta lan egiteko moduak gauzak asko erraztu dizkigu.
Oihanerekin izandako lanketaren esperientzia
Guretzat, oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da Oihanerekin lan egitea. Dantzatzeko erraza den koreografia sortzeaz gain, gure ideiak eta beharrak kontuan hartu ditu.
Uneoro ondo, pozik eta eroso sentitu gara Oihaneren ideiak entzuten eta dantza-koreografiak sartzen. Bere saioak oso dinamikoak eta umoretsuak izan dira. Gurekin hitz eginez eta elkarri entzunez, elkar erraz ulertu dugu. Gidaria bera izan bada ere, prozesuaren parte hartzaile hasieratik sentiarazi gaitu, eta horren ondorioz, gure talde-kohesioa asko hobetu da.
Pazientzia handia erakutsi du pausoak eta bere plangintza behin eta berriz azalduz. Tratuan ere oso gertukoa izan da gurekin: berarekin biltzeko, informazioa eskatzeko… erraztasun handiak eman dizkigu.
Eta aholku bikainak emanez, balore asko erakutsi eta transmititu dizkigu. Guregan konfiantza izaten erakutsi digu, eta baita sentitzen duguna hainbat modutara adierazten ere.
Dinamizatzaile bezala, gaitasun handia erakutsi du proiektua guztiontzat erakargarria izateko. Berarekin dantza egitea eta gure irakasle izatea oso esperientzia aberatsa izan da, benetan.
Eskerrik asko Oihane, erakutsitako guztiagatik!
Oihane Vicente 1988ko abuztuaren 13an jaio zen Zumarragan. Gaur egun, dantzako irakaslea da, hau da Euskal Dantzako eta mugimendu askeko irakaslea.
Oihanek betidanik dantza egin izan du Irrintzi dantza taldean, baina 16 urterekin hasi zen formalki ikasten. Ondoren, Gasteizera joan zen Gizarte Hezkuntza ikastera. Ondoren, Gizarte langile bezala egin izan du lan, baina denbora bat pasa ondoren, dantza egitea gehiago gustatzen zitzaiola konturatu zen, eta dantza irakasle bezala hasi zen Irrintzi dantza taldean.
Hortik aurrera, proiektu ezberdinak eginez joan da. Adibidez, orain dela urte batzuk Urretxuko ikastetxeko dantza-proiektu batean parte hartu zuen.
Orain dela gutxi Eusko Jaurlaritzak antolatutako proiektu-lehiaketa batean parte hartu du; helburua, kulturaren bidez, kultura eta giza eskubideak sustatzea da. Berak aurkeztutako proiektuan helburu hori dantzarekin lotu du.
Bestalde, azpimarratzekoa da, emakumeek lehenengo aldiz Zumarragako ezpata dantzan parte hartu zutenean, berak ere bertan dantzatu zuela.
Azkenik, 2020-2021. ikasturtean, berriz, Andramendi ikastolako DBH2. mailako ikasleoi Kolorekulturako dantza-koreografia egiten lagundu digu.
Noiz eta zein urtetan jaio zinen?
1988ko abuztuaren 13an jaio nintzen, Zumarragan.
Zertan lan egiten duzu?
Dantzako irakaslea naiz; zehazki esateko euskal dantzak irakasten ditut eta mugimendu askeko irakaslea naiz.
Noiztik dantzatzen duzu?
Formalki 16 urte nituenetik
Betidanik egin duzu lan arlo horretan?
Ez, Gizarte langile bezala ere lan egin izan dut. Horretarako Gasteizen ikasi nuen, unibertsitatean
Zergatik erakartzen zaitu dantzak?
Dantzatzeak libre sentiarazten nau, eta giro oso polita sortzen du.
Non ikasi zenuen dantzan?
Irrintzi dantza taldean ikasi nuen.
Non ikusten duzu zure burua hemendik 10 urtera? Zerbait berria ikasi nahiko zenuke?
Dantza munduan ikusten dut, baina agian beste modu batera
Gure proiektuaren ideia ona iruditzen zaizu? Zer esango zenuke horren inguruan?
Proeiktua oso interesgarria da benetan. Eta sormen handia duzue!
Zure bitxikeria edo anekdotaren bat kontatu dezakezu?
Emakumeek lehenengo aldiz Zumarragako ezpata dantzan parte hartu zutenean, nik ere bertan dantzatu nuen.
Zergatik onartu duzu gure koreografia egitea?
Gai indartsu bat lantzeaz gain, oso proeiktu polita iruditzen zaidalako eta sentimenduak lantzeko ere balio duelako.
Amaitzeko, zer harreman duzu hezkuntzarekin?
Orain dela urte batzuk, Urretxuko ikastetxe batean parte hartu nuen. Kultur eskolan proiektu bat ere aurkeztu nuen.