
Kontziente gara zorte handia izan dugula Kolorekultura koadro edo pintura batean isladatzeko Jokin Telleria bezalako margolari profesional baten laguntza izan dugulako. Hasiera hasieratik oso jator, ulerkor eta parte-hartzaile egon da gurekin, eta berarekin asko ikasteaz gain, plazer handia izan da gure proiektuan horrelako kolaboratzaileak egon izana.
Jokinekin ikasi duguna
Jokinek gure proiektuko koadroak egin ditu. Baina bere jarduna ez da horretara mugatu. Gurekin hitz egitera hainbatetan etorri izan da ikastolara, eta bertan, bere ibilbide profesionala lantzeaz batera, margolaritzari eta sentimendu artistikoei buruzko hainbat aholku ere eman dizkigu.
Lehen aldiz berarekin harremanetan jarri eta bildu ginenean, proiektu honi buruzko gure oinarri nagusiak aurkeztu genizkion. Berak oso adi entzun zituen gure argibideak, eta berak ere bere proposamenak bota zizkigun.
Proposamen guztiak entzun ondoren, Jokinek prozesu guztia aintzat hartuta, bi koadro egitea egokiena zela adierazi zigun; bi kuadro hauek modu bisual batean indarkeria sexista irudikatzen duten harreman faseak irudikatuko zituztelarik.
Gure arteko ideien elkartruke hori oso aberasgarria izan zen guztiontzat, eta horrela berarekin koadroak zer eta nola egingo zituen adostuta utzi genuen: erabiliko zituen koloreen aniztasuna, forma ezberdinak, sinboloak…
Hain zuzen ere, berarekin hitz egindakoa izan zen proiektuan finkatutako oinarri nagusia, non gerora gainontzeko sortzaileek ere beraien sormen lanak egiteko euren alorretan (argazkilaritza, musika eta dantza) adostutako oinarri hauek jarraitu zituzten.
Lanketa horri esker, eta ideiak garbi adierazita, garbi irudikatu ahal izan genuen margolanek nolako formak izango zituzten.
Asko ikasi dugu Jokinekin. Egiten den guztia pentsatuz, arrazoituz, baina betiere norberak hala uste duelako egin behar dela erakutsi digu. Proiektuak elkarlanean egitearen garrantzia ere ikasi dugu berarekin, izan ere, koadroak egiteaz gain, hauetan gure ideiak bikain adierazten ere asmatu baitu.
Jokinekin izandako lanketaren esperientzia
Oso esperientzia aberasgarria izan da Jokinekin bizi izandako esperientzia. Berarekin egondako egonaldia oso atsegina izan zen, eta elkar ondo ulertu genuen hasieratik. Oso jator portatu zen gurekin, txantxak ere egin genizkion elkarri, eta garrantzitsuena dena: ematen zizkigun azalpenekin gu seguru sentiarazi gintuen.
Guretzat oso aberasgarria izan zen guztion artean koadroetako ideiak erabakitzea, eta elkarri arretaz entzutea, zentzu horretan Kolorekultura proiektu osoko oinarriak definituz. Horren ondorioz, guztiok eroso eta lasai sentitu ginen.
Jokinen kasuan, bera aurrez ezagutzeko zortea bagenuen, beraz, erraza izan zen berarekin komunikatzea. Askatasunez irudikatu zizkigun bere ideiak eta proposamenak, eta guri asko gustatu zitzaizkigun.
Jokin bera uneoro gogoz, jarrera positiboarekin eta ilusioz ikusi dugu lanerako eta proiektuarekin guri laguntzeko. Horrexegatik, asko eskertzen diogu artelanak egiteko eta guri Kolorekulturarekin laguntzeko hartu duen konpromisoa. Izan ere, proiektua aurrera atera badugu berak emandako laguntza guztiagatik izan da.
Eskerrik asko, Jokin!
Jokin Telleria margolari profesionala da. 1956ko abenduaren 16an Ataunen jaio zen. 11 urterekin hasi zen marrazten, eta berehala lortu zuen lehen saria. Hurrengo urtean, Ordiziako lehiaketa batean ere beste sari bat irabazi zuen. Handik aurrera afizioz margotzen jarraitzea erabaki zuen. 15 urterekin jaso zituen lehen pintura eskolak: pintura, grabatua, zeramika eta modelatua ikasi zituen. Hala ere, besteek egiten dutena ongi begiratuz eta asko margotuz, beti asko ikasi duela esan izan du.
13 urte zituenetik 40 urte zituenera arte, fresadore lanetan aritu zen Goierriko tailer batean. Baina tailerra itxi zutenean, bizimodua erabat aldatzea erabaki zuen; handik aurrera, margogintzan profesionalki arituko zela erabaki zuen. Emaztearekin batera, margo-denda bat zabaldu zuen. Bere margo dendak “Xunaiartea” izena dauka bere bi seme-alaben omenez. Pintura-klaseak ematen ere hasi zen. 20 urte daramatza zeregin horietan.
Aldi berean, hainbat lehiaketatan hartu du parte edota epaile bezala aritu izan da, adibidez, 2018an ETBko “Arimaren margolariak” lehiaketa irabazi zuen. Sari ugari jaso ditu eta 50 erakusketa baino gehiagotan egon dira bere lanak ikusgai.
Bitxikeria gisa, bizikletan ibiltzea gustatzen zaio bere denbora librean; adibidez, bere familiarekin oporretan kanpingera joaten denean.