Kolorekultura proiektuko oinarri nagusietako bat izan da dantza-koreografia hau. Eta zergatik dantza? Dantzaren bidez, norberak sentitzen duena libreki adierazi dezakeelako; gorputz mugimenduen bidez, gorputza dantzan jarrita barruan duguna askatzen dugu eta emozio nahiz sentimendu ezberdinak adierazi ditzakegu. Dantzak anitzak dira, norberaren araberakoak. Eta Kolorekultura bera anitza izanik, oso garbi izan genuen hasiera-hasieratik dantzak izan behar zuela, proiektuaren euskarri nagusietako bat.

Oihane Vicente dantzaria (Zumarraga, 1988) izan da bidelagun dantza-koreografia honen sorkuntzan. Askotan bildu gara berarekin koreografia hau sortu eta entsaiatzeko.

Dantza-koreografiaren sorkuntza

Oso garbi geneukan hasiera hasieratik zein zen zabaldu nahi genuen mezua: genero indarkeriaren aurkako eta berdintasuenan oinarritzen den elkarbizitzaren aldeko mezu bat erakutsi nahi genuen dantzaren bidez. Hori dela eta, prozesuaren hasieratik sarritan elkartu gara Oihanerekin ideiak elkartrukatzeko eta pixkanaka koreografia sortzeko.

Ariketa ezberdinen bidez, gorputzaren adierazpena lantzen ikasi dugu, bakarka zein taldeka, eta taldeko guztiok parte hartuz eta dantzatuz. Horrela, gorputzaren bidez egin dezakegun mugimendu bakoitzaren bidez, dantza eginez komunikatu gaitezkeela ikasi dugu.

Gorputzaren adierazpen horretan oinarrituta, gutako bakoitzak bere neurrira edo mailara bideratutako ariketen bidez, dantzaren bidez sentitzen duguna adierazten eta espresatzen ikasi dugu. 

Egin ditugun entsegu guztietan moldaketa txikiak sartzen joan gara pixkanaka, eta baita Aitor Furundarenak egindako melodia sartzen ere. Uneoro erabakiak elkarlanean hartu ditugu, eta Oihane oso ulerkorra izan da gurekin. Gure arteko harremana sendotu egin da, eta bere lanketak gauzak asko erraztu dizkigu.

Horrela bada, dantza-koreografia honen sorkuntza ibilbide zoragarri bat izan da.

Dantza koreografiaren ezaugarriak eta bere mezu soziala

Oihanerekin egin ditugun saioetan, ez dugu dantza koreografia bat bakarrik egin: berdintasunaren aldeko mezu sozial bat adierazi nahi izan dugu. Gorputz adierazpenaren bidez,  jendea indarkeria sufritzen duten emakume horien larruan jarri nahi izan dugu, emakume horiek indarkeria jasaten dutenean zer sentitzen duten irudikatuz. Istorio bat osatu dugu, genero indarkeria ekar dezakeen harreman toxiko baten faseak azalduz.

Fase horiek irudikatzeko hainbat motatako pausoak irudikatu ditugu:

  • Pauso lasaiekin momentu lasaiak edo gozoak adierazi ditugu
  • Pauso azkar eta indartsuekin biolentzia edo indarkeria momentuak adierazi ditugu.

Ahozkoa ez den komunikazioak ere (begiradek, keinuak, mugimendu bakoitzak, emandako pauso bakoitzak…) lotura zuzena dauka transmititu nahi den aniztasun horrekin, koreografia bakarrean kontraste ezberdineko uneak erabiliz, ikusleari transmititu nahi diogu, genero indarkeria gure eguneroko gizartean oraindik ere oso zabalduta dagoen arazoa dela.

Elementu fisikoak ere erabili ditugu, gure gorputz adierazpenak transmititzen duen mezua era bisualean sendotzeko: kolore eta forma askotako zapiak erabili ditugu. Koloreen artean, bereziki, presentzia berezia eman diogu kolore moreari, berdintasuna eta feminismoa irudikatzen dituen koloreari. 

Gure jantzien koloreak ere grisak izan dira, iluntasunetik argitasunera dagoen trantsizio hori irudikatzeko. Itxaropenaren eta tristuraren arteko ibilbide gorabeheratsu hori hainbat modutara irudikatu nahi izan dugu, denok batera. Izan ere, proiektua gurea da, baina irudikatzen dugun mezua denona da, gizarte osoarena.

Dantza-koreografia hau, Jokin Telleriarekin adostutako oinarrien ondorioa izan da; izan ere, Jokinen koadroetan transmititzen den mezua bera, koreografia honetan ere islatuta agertzen baita.

Horrela bada, Oihane Vicenteren gidaritzapean, dantza-koreografia hau berdintasuna aldarrikatzeko erabili dugu, genero ezberdintasunik ez dagoen gizarte bat behar dugula irudikatzeko.