
Kolorekulturako oinarrizko arte diziplina izan da musika, soinuekin jolasteko eta norbere nortasuna aurkitzeko ematen dizkigun baliabideekin. Kontrastez betetako musika anitza egin digu Aitor Furundarena musikariak (Ordizia, 1970). Eta sekulako zortea izan da guretzat halako musikari profesionalaren laguntza izatea proiektu hau aurrera ateratzeko.
Aitorrekin ikasi duguna
Aitorrekin zuzeneko harremana izan dugu hasiera-hasieratik. Dantza-koreografiari melodia bat jarri behar geniola konturatu ginenean, berarekin jarri ginen harremanetan, eta bera hasieratik laguntzeko prest azaldu zitzaigun. Gure ideiak azaldu genizkionean, berak segituan jakin zuen dantzaren bidez transmititu nahi genuena musikara bideratzen.
Horren harira, berak ere bere proposamenak bota zizkigun, eta garbi utzi zigun Oihane Vicenterekin egindako dantzak genero-indarkeria adierazten zuten harremanen faseen aniztasuna adierazten bazuen, musikarekin ere berdina egin behar genuela.
Horrela bada, hainbat aholku eta teknika erakutsi zizkigun. Esan zigun emozioen kontrastea bilatu nahi bada musika ezberdinen ezaugarriak konbinatzea ezinbestekoa dela (klasikoa vs garaikidea, zein musika alaia vs musika tristea…). Kontraste hori hainbat ariketaren bidez landu genuen; adibidez, berak sortutako hainbat pieza jarri, entzun eta aparailu batekin konbinatu egin genituen. Harrituta gelditu ginen atera ziren emaitzekin.
Eta saio haietan ikasitakoa praktikara eraman genuen melodia berdinak zer nolako aniztasuna daukan ikusita. Izan ere, melodia berdinean musika alaia, gogorra eta lasaia konbinatuta ageri direnez, Aitorri esker musika ezberdinak melodia bakarrean konbinatu daitezkeela ikusi dugu, gure Kolorekulturako melodian entzun daitekeen bezalaxe. Horrekin lotuta, pieza berdinarekin emozio ezberdinak (tentsioa, lasaitasuna…) aldi berean sentitzen erakutsi zigun.
Ikasgai guztiak, hainbat musika, doinu eta abesti jarrita erakutsi zizkigun Aitorrek, bere ibilbidean zehar egindakoekin, alegia. Musikak bere ibilbide profesional eta pertsonalean zer nolako lekua daukan ere azaldu zigun, hainbat anekdota eta gertaera kontatuz. Horrela, bere bizitza musikari bezala nolakoa zen ikusi genuen. Eta horri esker oso garbi izan dugu berak egindako ekarpenei esker ere izan dela sortutako melodia hain aberatsa.
Aitorrekin izandako lanketaren esperientzia
Guretzat oso esperientzia positiboa izan da Aitorrekin proiektu hau arrera ateratzea. Berak kontatutakoa interesgarria bezain erabilgarria iruditu zaigu. Berak gurekin egindako lanketa erabat lagungarria izan da proiektua aurrera eramateko. Gai asko landu baditugu ere, bere klaseak oso arinak eta dinamikoak izan dira, eta gure artean giro polita sortu du.
Aitor oso jatorra, alaia eta umoretsua izan da. Gauzak modu dibertigarrian azaldu dizkigu, eta horrek berarekiko tratua asko erraztu du. Horrez gainera, musikaren arlora begira laguntza eta aholku asko ere eman dizkigu. Uneoro egon da guri laguntzeko, erakusteko eta baita guri entzuko prest ere.
Izan ere, uneoro kontuan hartu ditu gure iritziak eta iradokizunak, eta horri esker gustura egon gara elkarrekin hizketan. Oso prestua izan da gurekin, eta guk esaten genionaren arabera melodia moldatzeko eragozpenik ere ez du izan.
Egia da hasieran uste genuela musika eta dantza uztartzeko zailtasunak izango genituela, baina proiektua aurrera joan ahala ikusi dugu Aitorren musika koreografiarekin oso aberatsa eta ondo bateratuta gelditu dela, benetan.
Horrelako bidelagunak egiteak asko erreztu digu Kolorekulturaren sorkuntza prozesua.
Eskerrik asko, Aitor!
Aitor Furundarena 1970ean jaio zen Ordizian; akordeoilari, musikagile eta irakaslea da. Kamara Musika, Transkripzio, Errepentizazio eta Herri Musikako Akordeoiko irakasle da Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako musika ikastegian (MUSIKENE).
Musika garaikidea eta herri musika dira bere ardatz nagusiak. Nazioarteko hainbat akordeoi lehiaketatan parte hartu izan du, sariak ere irabaziz, eta orkestrekin, ganbera musikan, bakarka eta talde ugarirekin aritu izan da; eta grabaketa ugari argitaratu ditu. Telebista, antzerki eta zinemako hainbat lanetarako ere kolaboratu du.
Aitorrek hainbat disko atera ditu bakarka edota hainbat artistekin elkarlanean: Garikoitz Mendizabal, Iñaki Telleria…
Besteak beste, hauek dira bere diskografiako lanik esanguratsuenak:
- Akordeoi klasikoa (1995)
- Eskua sartzen (1996)
- Juanita (1998)
- Herri musika ta dantza (2007): AIKO taldearekin argitaratua
- Aurrez aurre (2009): AIKO taldearekin argitaratua
- Arnasak (2010). Garikoitz Mendizabalekin argitaratua
- Urraska: Dantza jauziak Sagasetaren bidetik (2010): AIKO taldearekin argitaratua
- Eta orain badakit (2011): Garikoitz Mendizabal eta Iñaki Telleriarekin argitaratua
- Oinak kantuz (2011): AIKO taldearekin argitaratua
- 2 poliedro (2015): Garikoitz Mendizabalekin argitaratua
Ganbera Musika akordeoiaz (2016): Johane Altzürükurekin elkarlanean.
Nolatan sartu zinen musikaren munduan? Zergatik erabaki zenuen musikari izatea?
Hamaika urte besterik ez nituela hasi nintzen musika ikasten. Aurreko urtean musikaren teoria egin nuen eta ez zitzaidan batere gustatu. Utzi nahi nuen baina gurasoek beste urte batez jarraitzera animatu ninduten. Orduan hasi nintzen akordeoiarekin eta egia esan, maitemindu egin nintzen. Garai hartan oso barnerakoia nintzen eta ordu asko ematen nituen nire akordeoiarekin bakarrik.
17 urterekin ikasi nahi nuen karrera aukeratzeko unea iritsi zitzaidan. Gaian pentsatzen hasi nintzen eta aukera egin nuen. Baina momentu horretan konturatu nintzen, nahiz eta agian profesionalki ez izan, nire bizitza musikarekin lotuta egongo zela. Horrela, akordeoiaren ikasketak egitea aukeratu nuen. Nire gurasoak langileak dira eta urteekin erakutsi nien nire aukera oso aukera serioa izan zela. Beraz, urte askoan oso gogor lan egin dut.
Pozik al zaude lortutakoarekin?
Bai. Niretzat plazer handia da akordeoia konposatzea eta jotzea.