Musika da artea osatzen duen oinarrizko diziplina. Musikaren bidez, gure emozioak, sentimenduak, izatea bera… deskubritu ditzakegu, eta horren baitan gure nortasuna eraiki. Historian zehar musika-pieza eta musikari ezberdinek erakutsi izan digute, musika bizitzeko modu bat dela, eta gizartearekin lotura zuzena duela. Horrez gainera, musikak anitzak dira, Kolorekultura bezala. 

Eta jakina, gure proiektuaren oinarrizko mezuarekin ere bat egiten du: beharrezkoa iruditu zaigu bikote harremanetan oinarritzen den indarkeriaren aurka egiteko ere, musikaren bidez mezu hori aldarrikatzea. Hortaz, garbi genuen Kolorekulturan musikak ere bere lekua izan behar zuela.

Kolorekulturako oinarria den dantza-koreografiari melodia bat jarri diogu musika eta erritmo ezberdinak konbinatuz. Horretarako, Aitor Furundarena (Ordizia, 1970) musikariaren laguntza izan dugu.

Melodiaren sorkuntza

Oihane Vicenterekin sortutako dantza-koreografiak melodia bat behar zuela garbi geneukan, eta horretarako Aitor Furundarena musikariarekin jarri ginen harremanetan. Berari gure proiektuko asmoak azaldu ostean, eta Oihanerekin koordinatuta, indarkeria sexistaren fase ezberdinak musikaren bidez bateratuko zituen melodia bat jarri genuen martxan.

Oihanerekin pausoak lotu ahala, Aitor ere hainbatetan etorri zen gurekin biltzera, eta dantza-koreografiaren ezaugarriak ikusita, musika eta erritmo ezberdinak bateratzen dituen melodia bat sortu zuen. Betiere, melodia horren sorkuntza moldagarria izan da dantza-koreografiarekiko. Hau da, diziplina ezberdinak konbinatuz, musika eta dantza bateratu egin ditugu.

Sorkuntza-prozesu horretan Aitor uneoro egon da gurekin eta beste sortzaileekin elkarlanean. Gure iritzi eta iradokizunak kontuan hartu ditu, eta proiektuko beharrei erantzunez osatu du pizea musikala. Aitor musikari profesionala izateak eta musika beretzat bizitzeko modu bat dela guri irakatsi izanak, sorkuntza prozesua asko erraztu du.

Azkenerako emaitza hauxe lortu dugu Aitorri esker: dantza-koreografiarekin bat datorren melodia anitz bat, genero indarkeriaren fase ezebrdinak modu akustikoan adierazten dituena, Kolorekulturaren ezaugarriekin bat eginez.

Melodiaren ezaugarriak

Esan bezala, melodia dantza-koreografiarekin bat etorriz osatu da, eta era berean Jokin Telleriak egindako artelanek transmititzen duten mezuarekin bat etorriz. Ideia guztiak elkarlotu genituenean, Aitor Furundarenak oso garbi utzi zigun emozioen kontrastea bilatu nahi bada, beharrezkoa dela musika klasikoaren ezaugarriak garaikidearekin konbinatzea. Eta jakina, kontraste horrek dantzako mugimenduekin ere bat etorri behar zuela garbi ikusi zuen.

Esandakoa aintzat hartuta, sorkuntza prozesu horretan, Aitorrek musika-mota ezberdinak kontrastatu ditu gure koreografiarentzako musika-pieza sortzeko. Horrek hainbat emozio adierazteko aukera ere eman digu.

Horrela bada, melodia osatuta, hauek lirateke musikaren zaugarri nagusiak, 

  • Musika indartsu, bizi, gogor eta tristea une gogorrak (biolentzia momentuak) adierazteko: ahots asko konbinatuz, perkusioa ere konbinatuz…
  • Musika alai eta lasaia, itxaropen uneak, lasaitasuna, poza eta bizitzako une goxoak irudikatzeko.

Dantza bezalaxe, musikak ere harreman bateko faseak adierazten dituenez, aniztasun hori islatzea izan da helburua. Izan ere, dantza hasieran lasaia bada ere, gerora mezuaren esanahia gogortzen doa, beraz, pieza bakarrean hainbat sentimendu eta bizipen islatu nahi izan dira.

Aniztasun hori islatzeko melodiak bestelako ezaugarri tekniko-musikalak ere baditu, noski: matizak, isiluneak, erritmo-kontrasteak… Efektu musikal horiekin, musika piezaren bidez tentsioa eta lasaitasuna aldi berean sentitu ahalko du entzuten duenak.

Horri esker, dantzarekin batera, indarkeria sexistaren fase ezberdinak erakusten dituen pieza musikala sortu du Aitorrek. Horrela ikusleek modu akustikoan ere gaia barneratzeko aukera dute, eta esku artean dugun aniztasuna zuzenean sentitzeko aukera ere.

Elkarlana, aniztasuna eta Aitorren sormena izan dira pieza musikal honen arrakastaren sekretuak.