Kolorekultura ez da ezer norberaren interpretaziorik gabe. Baina interpretazio hori posible izateko, errekurtso bisualak eskaini behar ditugu. Eta funtzio hori betetzeko argazkilaritza ezinbestekoa da. Gure proiektuaren ardatz nagusia den dantza-koreografia argazki bidez modu bisualean erakutsiarazi nahi izan dugu, eskaini nahi dugun mezuaren zabalkundea ahalik eta osoena izan dadin.
Garbiñe Irizar argazkilari beasaindarra arduratu da arlo honetaz, eta arte-diziplina hau Kolorekulturaren baitan txertatzeaz.
Argazkilaritzaren lanketari buruzko ezaugarriak
Dantza-koreografia mugimenduan oinarritzen den bezala, jabetu ginen garrantzitsua zela egiten genuen pauso, keinu, begirada edo gorputz mugimendu bakoitza bisualki jasota gelditzea. Izan ere, harreman baten faseak islatu nahi izanez gero, beharrezkoa da mugimendu bakoitza ondo interpretatzeko bitartekoak jartzea. Eta horretarako argazkiak erabiltzea erabaki genuen, fase ezberdin bakoitzeko une zehatzak zehazki jasota geldituko zirelako.
Horrela bada, Garbiñe Irizar argazkilariarekin jarri ginen harremanetan, eta gure proiektuan zehar, hainbat argazki aterako zizkigula erabaki genuen, gure sorkuntza-proiektua erabat osatuta gelditu zedin.
Hala ere, Garbiñeren jarduna ez da guri argazkiak ateratzera mugatu. Berarekin bildu izan garen saioetan, argazkilaritzari buruzko hainbat teknika erakutsi dizkigu: argazkiak ateratzen erakutsi digu, eta horri esker, plano ezberdinak nola konbinatu daitezkeen ikasi dugu.
Hala nola, informazio interesgarri asko ikasi ditugu, esaterako argazki kamerek orokorrean dituzten ezaugarri nagusiak zeintzuk diren ikasiz. Esaterako, argazki onak eta bisualki indartsuak direnak ateratzeko hainbat ezaugarri hartu behar dira kontuan:
- Argia nola eta zenbat sartzen den enfokatutako koadroan
- Abiadura edo argiaren bizkortasuna
- Segundu bakoitzeko kamara bakoitzak atera ditzakeen argazki kopurua…
- Argazkia izozteko teknikak…
Adibide bezala, Gabriñek lan egin izan dituen hainbat argazki profesional erakutsi zizkigun, eta bere argazki kamerarekin argazki batzuk ere atera genituen, ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz. Horrela, argazkilaritzako funtzio praktikoaz gure kasa eta zuzenean ikusi ahal izan genituen.
Argazkilaritza Kolorekulturan
Garbiñek emandako azalpenei esker, argazkilaritza ez dela soilik argazkia ateratzeko “klik” bat egitea ikasi dugu, eta argazkiak ateratzeko ezaugarri asko kontuan hartu behar direla ere jabetu gara: ingurua, koloreak, mugimenduak, espresioak… Horrela bada, Kolorekultura osatzen duen mugimendu eta espresio bakoitzak bisualki duen garrantziaz jabetu gara.
Horren harira, dantza-koreografiako elementu asko garrantzitsutzat jo izan dira argazki onak ateratzeko: gorputz-mugimendu bakoitza, keinuak, begiradak, erabilitako zapiak, arropak eta hauen koloreak… hain zuzen, eta argazkietan ikus daitekeen bezala, Garbiñek ere garrantzia eman dio zapietako kolore nagusi gisa morea (berdintasunaren erakusle) hartzeko aukerari. Oihanek eta Jokinek egin bezalaxe, berak ere kolore morearen garrantzia Kolorekulturaren ezaugarri bisual nagusia dela azpimarratu du.
Bestalde, argazkietan kolore eta argien arteko kontrastea bilatzea garrantzitsua dela azpimarratu du: izan ere, argazkietan argi gutxi badago, beldurra edota indarkeria uneak ere adierazi daitezke, efektu berezi bidez lortuta. Ikus daitekeen bezala, argazki ilunek une horiek islatzen dituzte.
Baina era berean, Jokin Telleriak bere artelanetan egin duen bezala, kolore alaien kontrastea ere nabarmendu da argazkietan, une lasaiak edo itxaropena adierazten dutenak kolore alai/argiekin nabarmenduz.
Eta jakina, hainbat argazki geldirik gaudela atera dizkigu Garbiñek, baina beste hainbat mugimenduan ere, prozesu osoa irudikatuz.
Horrela bada, eta ikus daitekeen bezala, espresio guztiek dute bere garrantzia. Denak komunikatzen du, eta elementu guztiak zuzenean adieraztea ezinbestekoa izan da Kolorekultura bere horretan osatzeko. Argazki hauei esker, ikusle bakoitzak Kolorekulturaren bidez transmititu nahi dugun mezua zuzenean interpretatzeko euskarri zuzenak eskura izango ditu.
Amaitzeko, ikus daitekeen bezala, Garbiñek argazki ederrak atera dizkigu: biziak, koloretsuak eta bisualki indartsuak direnak. Kontraste hauek konbinatuz, Kolorekultura argazkilaritzarekin bikain josi du.